viernes, 8 de febrero de 2013


Nekazal munduko inauteriak

Batez ere, Nafarroako herrietako inauterietako ohituren berri ematen du artikulu honek: zein pertsonaia dauden, zer irudikatzen duten, zein zentzu izaten zuten.

A. AGIRREURRETA /

Oso pixkanaka bada ere, badoa negua, eta argíaren aroa dago ate joka. Ilunpeetako mamuak uxatzeko eta aro berria iratzarri eta naturari indarra emateko atxoak, kukumarroak, txatxoak, moxorroak, muxixarkoak, marroak... aterako dira Euskal Herriko bazter guztietara. Baina ez dugu otsailera arte itxaron behar, datorren igandean hasiko baitira Ituren, Zubieta eta Leitza bezalako herrietan.

Tokian tokiko izena hartzen dute. Herri batetik bestera mozorroak ere arras aldatzen dira. Dataren aldetik ez dago bateratasunik, nork bere egutegi propioa duelako. Iturenen eta Zubietan, esaterako, urtarrileko azken igandean ospatzen dituzten inauterietako egun nagusiak, baina Errege bezperan haurrak, zintzarri eta txilinak zintzilik dituztela, etxerik etxe eskean joaten dira opari eta gozoren bat jasotzeko. Bertakoentzat hori inauterien zikloaren hastapena da. Herri gehientsuenetan, ordea, Garizuman sartu baino 40 egun lehenago, Haustera egunaren bezperan eta aurreko egunean lehertzen da festa.

Bakoitzak bere ohiturak, erritoak eta izendapenak eduki arren, guztiek dute esanahi bera: ilunpearen amaiera eta argiaren etorrera. Neguko solstizioan suaren inguruko ospakizunak egiten dira. Olentzero, esaterako, enborrarekin eta etxeko barruko goxotasunarekin dago lotuta; babesaren beharraren eta gordetzearen esanahia oso bizirik baitago San Joan egunetik aurrerako ospakizun eta erromeria guztietan: lurrak eta naturak berea eman du eta altxor hori gordetzea da ordutik aurrerako lana.

Horren guztiaren amaierarekin datoz inauteriak

Antzinakoa den sinbologiaz betetako mundua da inauteriena. Jatorrizko mitoei eta erritoei hertsiki lotuta egon arren, garaian garaiko sineskerak pilatuz joan dira urte hasierako festetan. Gisa horretan, magia, Kristautasuna aurretiko ohitura eta sineskerak eta baita Kristautu ondorengo erritoak biltzen dira ospakizunotan, geruza bat bestearen gainean pilatzen den gisa.

Aro guztietan, gizakiak denbora neurtu beharra izan du noiz erein, noiz goldatu, noiz bildu jakiteko. Eta eginahal horretan, bi erloju izan ditu beti: eguzkia eta ilargia. Eguzkia indartzen hasten den aroan esnatzen da natura, eta, orduan, emankortasunari dei egiten dio gizakiak, lurrari kolpeka edo joareak eta zintzarriak eraginez. Hartza ere lozorrotik atera, piztia menperatu eta herriko kaleetatik eramaten dute gazteek. Negua menpe hartu dute. Horixe da Markinako inauterietan irudikatzen dena. Hartza eta bere zaindaria kalez kale ibiltzen dira dantzariekin eta hauek daramaten zahagia jotzen dute makilez behin eta berriz.

Iturengo eta Zubietako joaldunen jantziak piztien eta abereen arrastoz josirik daude: ttuntturruaren goialdean, oilarluma distiratsuak—ez edonolako luma arruntak, baizik eta koloretsuak eta tente-tente dauden horietakoak—; soienean, ardi-larruaren artile mataza zuriak zintzilik; gerrian, larrua, eta eskuineko eskuan muturrean zaldi-isatsa duen makila. Isopua deitzen diote bertakoek makilari, joaldunak oinez doazelarik, lurra zertxobait harrotu eta, gisa horretan, gorderik dauden haziak ernaltzeko.

Ardi-larruz estalitako gizon isilen errenka, bizkarrean daramaten dunba handiak erritmikoki joarazten dituzte. Astelehenarekin, Zubietako joaldunek iturendarrei egiten diete bisita. Bidean, Aurtitzen salda beroa edan eta auzo horretakoak bilduko zaizkie. Pizti bilakatutako gizaseme lerroa luzatzeko eta joareen oihartzuna areagotzeko prest, eguerdi aldera zain izango dituzte iturendarrak. Asteartearekin, lurra iratzarri nahi duen bulunben hotsa alderantzizko bidean zabaltzen da, Iturendik Zubietara, alegia. Joaldunaz gain gazteak mozorroturik ateratzen dira —haien artean, batzuetan, hartza- eta azkenik apaindutako gurdiak. Ohikoa da abereren bat edo beste ere ateratzea. Eta gisa horretan, zintzarrien taupaden erritmoan —norbaitek esana da joareenak bihotzaren taupadak direla—, auskalo noiztik datorren erritoari eusten diote bertakoek.

Altsasuko momotxorroa ere pizti basatia da. Larruz estalia, buruan adarrak eta aurpegia odolez zikindua, sarde handi bat eskuan, umeak eta emakumeak akuilatzen —eta uxatzen— ditu mamotxorrok kaleetan errautsak barreiatzen dituen bitartean. Gizakia pizti bihurtua da mamotxorro, faltan dituen ezaugarriak beregan hildu nahi dituelako mozorroaren bidez. Joaldunak ere berdin; piztien eta abereen dohainak —indarra, bereziki— bere egiteko ahalegina da mozorroa, zeinetan andrazkoen ezaugarri oso berezkoak ere agertzen baitira, hala nola azpikogona.

Inauteria, natura iratzartzeko deia, luzea da, udaberriko lehen ilbetera arte irauten baitu. Hara hor egutegi judutarrean, kristauan nahiz Kristautasuna baino lehenagokoan beste mugarri bat. Erromako Elizaren arabera, orduan hil zuten Jesus, eta horren aurreko 40 egunak, Garizuma alegia, penitentzia eta barau aroa da. Elizak gizartean eragin handia zuen garaian, aro gogorra eta iluna izaten zen 40 eguneko hori, eta, esfortzua errazte aldera, Garizuman sartu baino lehenagoko aldia ja neurririk gabe ospatzeko baimena zuten kristauek. Horregatik hainbat herritan aratozteak edo aretusteak deitzen zaie inauteriei, ordutik aurrera haragi uztea datorrelako.
Urteberriarekin hasi eta udaberriko lehen ilbetean amaitzen den inauteri aroa hamaika ospakizunez betea dago. Behiala Garizuma baino lehenagoko hiru ostegunak ospatu egiten ziren. Lehenbizikoak izakunde, aitakunde edo gizakunde izena hartzen zuen; bigarren ostegunak Emakunde edo andrakunde eta azkenak orokunde.

Gizakundez hasten ziren inauteriak; egun horretan zenbait herritan mutilek neskei, lepotik helduta edukitzen zituzten haien musuak eta oparitxoak jasotzen zituzten arte. Eta emakundez gauza bera, baina alderantziz.
Altsasuko momotxorroak emakumeak izutu eta etxean gordetzera behartzen zituen, aspaldi batean. Lantzen herriko mutilek mozorroturik —txatxoak— korrika eta oihu handiak sortu, haur eta neskei erasotzen diete, eskuan daramaten erratzaz joaz. Garai batean, Iturenen eta Zubietan ez zegoen emakumerik joaldunen artean. Ohiturak, baina, aldatuz joan dira. Batzuen ustez, jatorrizko izpiritua galdu da horren ondorioz; baina, beste askoren ustez, inauteriak gaur egungo moldeetara egokitu dira eta horretan emakumearen parte hartzea ahalbidetu izanak badu zer ikusterik.

Egun, herritar guztiek, bakoitzak bere modura, hartzen dute parte inauterietan. Mozorroak, txantxoak, momotxorroak, txantxoak, kokomarroak, kokoxak... denak dira gauza bera, inauterietan norberaren izaera lausotzeko trapu zaharrak; izan ere, inauterietan banakotasuna ezabatu egiten baita. Talde nortasuna, ordea, ez da galtzen. Aitzitik, sendotu egiten da, herritar guztiek baitakite antzezten eta irudikatzen dena zer den. «Teoria berrienek diote —azaldu du Mikel Aranburu Eusko Ikaskuntzako Folklore ikerketa taldeko kideak— gizakia intsektu bihurtzen dela inauterietan, banakako izaera galdu eta tal-de nortasuna indartu egiten dela kanpoko izaki erasotzaileen aurka borrokatzeko». Baliteke hala izatea; izan ere, herrietan mozorrotzeko jantziak trapu zaharrak eta oihal puska koloretsuak baino ez dira eta, hirietan ez bezala, ez dute pertsonaia jakinik irudikatzen.

Nolanahi dela ere, mila aurpegiko antzinako ohitura aitzakia hartuta, festa nagusitzen da bazter guztietan pixkanaka egunak argitzen doazen garai honetan. Inauteriak gutxi batzuentzat baino ez du gordetzen jatorrizko esanahi magikoa edo erlijiosoa, eta, honezkero, natura urrunegi dago. Baina, ingurua eta sineskerak edonolakoak izanda ere, egunerokotasuna apurtzeko, festa egitea baino modu egokiagorik ez dago.

 

 

No hay comentarios:

Publicar un comentario